viernes, abril 21, 2006

Oporren amaieran


Gabon amara berriko jarraitzaileak. Jadanik, batek baino gehiagok esan bezala, aurreko artikuluan iritzi gehiegi pilatzen ari dira eta ondorioz, hemen duzue beste artikulu bat orrialdea irekitzean gutxiago irauteko itxaropenarekin.

Beno, bi aste lasai asko pasa ondoren, bi egun barru lanera edota klasera itzuli beharko gara zoritxarrez. Honekin batera, Martutenen izango gara berriro ere eta nahiz eta astebete lasai hau ondo etorri zaigun, gogo handiak ditugu baloi bat berriro gure hanka tartean nabaritzeko. Batez ere guk, neskek, Cognac-en lortutakoaz geroztik, arro baino arroago azalduko baikara bertan eta ez gaitu inorrek ere putz egingo. Ea Totek zer dioen orain!
Besterik gabe, animo asko denei datorren astea bizirik irauteko beharko baitituzue.

lunes, abril 17, 2006

Donostin berriro ere


Jadanik etxean daude denak, Cognac-eko txapelketa jokatu ondoren. Hirugarren urtea izan da bertara gonbidatuak izan direla Amara Berriko neskak eta urteak aurrera joan ahala, ondo baino hobeto igarotzen dute. Nahiz eta txapelketak bi egun iraun, hiru egun izan dira bertan ihardundakoak, apirilaren 14tik apirilaren 16ra, lehendabiziko egunean, turista gisa ibiltzeko pentsatuta baitzuten. Halaxe izan zen eta Frantziako Sarlat herria ezagutzeko aukera izan zuten, bertako leku ospetsuenak ikusiz.
Txapelketari dagokionez, Amara Berriko nesken taldeak bigarren postua lortu zuen, finala Belgikako taldearen aurka jokatu zuenean eta penaltietan erabaki zenean. Egundoko txapelketa jokatu du Amara Berriko nesken taldeak, aurrean jartzen zitzaion talde bakoitza atzean utziz. Guztira sei talde ezberdin aurkeztu ziren txapelketara; Luxemburgo-ko bat (Tricolore), Belgika-ko beste bat (Beloeil), Suiza-ko bi (Haute Gruyere eta USGC), Cognac bertako taldea (Crouin) eta azkenik, Amara Berriko taldea.
Hasiera batean ekipoak bi taldetan banatu zituzten eta txapelketako lehendabiziko egunean, goizean-goiz, Amara Berrik Suizako Haute Gruyere taldearen aurka izan zuen norgehiagoka, 3-0 irabazi zuelarik, Tania, Esti eta Garaziren golei esker. Arratsaldean, taldeko beste ekipoaren aurka jokatu behar izan zuen, Luxemburgoko taldearen aurka hain zuzen ere. Oraingo honetan partidua zailago suertatu zen, ez baitziren aurkari errazak izan eta horren ondorioz, partidua penaltietan erabaki behar izan zen, partiduak iraun zuen 30 minututan 0-0 bukatu baitzen. Entrenatzaileek hiru jokalari aukeratu zituzten penaltiak jaurtitzeko: Tania, Eneritz eta Izaskun. Amara Berri izan zen baloia lurrean jarri beharreko lehenengo taldea eta Izaskun lehenengo jaurtiketa egin beharrekoa. Nahiz eta atezainak Izaskunen jaurtiketan baloia ukitu, ez zen nahikoa izan gola gelditzeko. Ondoren, Tricolore taldekoek jaurti eta gola. Taniaren txanda ailegatu zen eta zoritxarrez, baloia porteriatik gora joan zen. Berriro ere Tricolore taldekoen jaurtiketa baina oraingoan Itsasok gelditu zuen. Talde bakoitzeko azkeneko jaurtiketa geratzen zen eta Eneritzek, ohiko odol hotzarekin penaltia sartu zuen eta ondoren, ikustalditxo bat egin zuen poza adierazteko. Une garrantzitsuena iritsi zen eta Itsaso prest zegoen penaltia gelditzeko eta bere ekipoa taldeko lehenengoa bezala semifinalera pasatzeko. Itsaso ez zen gutxiago izango eta halaxe egin zuen, penaltia jaurti zutenean, Itsasok izugarrizko geldiketa egin zuen eta Amara Berriko lehendabiziko helburua lortua ikusteko aukera izan zuten neskek.
Igandea iritsi zen eta beste taldeko bigarren ekipoaren aurka jokatu behar izan zuten, Cognac bertako taldearen aurka esaterako. Nahiz eta talde hura zelaian zeudenentzat gustukoena izan eta epaileek behin baino gehiagotan taldeari lagundu, ez zen nahikoa izan Amara Berri finaletik ateratzeko eta Garaziren golaren ondorioz, Amara Berrik 1-0 irabaztea lortu zuen eta bere bigarren helburua betea zuela ere.
Arratsaldean, Belgikako taldearen aurka finala jokatzear zeudenean urduritasuna nabaritzen zen, bai jokalariengan, bai entrenatzaileengan eta bai bertara joandako guraso/lagunengan ere. Epaileak txistua jo bezain pronto, bi taldeak kalitate berdintsukoak zirela ikusi ahal izan zen eta norgehiagokak izugarrizko ikustaldia aurkeztuko zuela ere. Batzuetan Amara Berri zen baloiaren jaun eta beste batzuetan berriz, Beloeil. Esan beharra dago, hain zela parekoa bi taldeen joko-maila, oraingoan ere, Amara Berrik partidua penaltietan amaitu behar izan zuela, ez batak eta ez besteak, ez baitzuten golik sartzea lortu. Beraz, aurrekoan bezalaxe, talde bakoitzak hiru jaurtiketa egin behar izan zituen eta oraingoan, Amara Berri taldearen aldetik, Garazik, Eneritzek eta Itsasok egin zituzten. Lehendabizi Garazik jaurti zuen eta ustekabean, largeroan eman zuen. Beloeil taldekoek sartu zuten eta gola. Ondoren, Eneritzek, aurreko penaltiko zortearekin jarraituz, baloia sarera sartzea lortu zuen. Belgikako taldeko jokalariak ere, barrura egin zuen. Azkeneko aukera zen Amara Berri taldearentzat eta Itsasok baloia jaurtitzean...atezainak gelditu zuen.
Hasiera batean, hainbat jokalarien aurpegietan itxaropena galduta besterik ez zen ikusten baina pixkanaka, lortutakoaz jabetzen hasi ziren eta bigarren postu bat ere, ospatzekoa zela ikusi zuten. Ondorioz, emandako sariak hartu eta poz-pozik etxerako bidea hartu zuten, hurrengo urtean lehenengo postua beraiena izango delaren itxaropenarekin. Beraz, nahiz eta beren hirugarren helburua ez lortu, Amara Berriko neskak etxera itzuli ziren lehendabiziko postua lortu izan balute bezala. OSO ONDO NESKAK!

P.D.: Eskertzekoak dira bertara joan diren guztien animoak eta ilusioak, taldeari emandako laguntza izugarria izan baita. Eskerrak jokalariei, gurasoei, lagunei, txoferrari eta azkenik, entrenatzaileei, beraiek izan baitira bost urte hauetan zehar Amara Berri taldeko neskak aurrera jarraitzeko gehien egin dutenak. HURRENGO URTERA ARTE!

miércoles, abril 12, 2006

Cognac-ea Bidaia


Jadanik 3.urtea da gonbidatuak izan garela Cognakea (Frantzia) juteko. Ostiralean da irteera, goizeko 6etan Rich-en (Amara). Ez ahaztu janari pila eramatea, lo zakua, jokuak edo dena delakoa eta burua!! Jakin ezazue bertan hotz asko egiten duela, beraz, neguko arropa eraman.


Aurreko urtean Dunetan geldialdi bat egin genuen, baina aurten ez dakigu oraindikan non egingo den.


Lehengo urtean Cognakeko kopa ekipo euskaldun batek lortu zuen, Mariño taldea, ea aurten guk lortzen dugun!


Besterik gabe, bertan oso ondo pasatzea espero dugu!




Gasteiz cup 1-1 Amara Berri


Ekipoko batzuk astebukaera Gasteizen igaro ondoren, farrak direla eta, partidoan eman beharrekoa ez genuen guztiz eman. Horregatik kanpotik ikusita beraiek ziren partidoa dominatzen zutenak. Hasiera batetik ez geuden partidoan barneratuta, hori dela eta, sartu ziguten lehenengo gola, baina beti bezala horrek espabilaraztea eragin zigun.Bigarren zatian, aldiz, Amara-berrik inoiz eduki ez zuen zortea izan zuen. Taniak kornerra atera, Gasteiz cup-eko jokalari batek buruz jo eta atean sartu zuen. Berdinketa suertatu zen orduan.
Esan beharra dago, gure jarraitzaileak asko laguntzen gaituztela, bai presioa sartzen dutelako baita animatu egiten gaituztelako ere.Beti bezala Misterrak bere lana bete zuten. Esan beharra dago, Oierrek farra gutxiago egin behar dituela gertatutakoa berriro gerta ez dadin.
Sailkapenari dagokionez, espero genuena baino askoz hobeto goaz, laugarren postuan, hain zuzen ere. (Barkatu eragozpenak baina hurrengo batean sailkapena jartzen saiatuko gea).
Animo neskak, horrela jarraitu behar dugu!